andoni egana

Edo...

2025eko apirilaren 6a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Egoera oraindik «kiskun-kaskun» zegoela irakurtzeagatik bakarrik ere merezi izan zuen. Arretaz eta atseginez leitu nuen ostiralean egunkari honek azken orrialdean ekarri zuen elkarrizketa. Eskutik Kooperatibako sortzaile eta kide den Ellande Alfaro zen elkarrizketatua. Pilotarako materiala egiteko enpresa batean nola aritzen diren ari zen kontatzen. Eskulangintza hori industrializatzen hasia ote zen galdetuta, ezetz  erantzun zuen Ellandek, pilota oso tokiko kirola dela. Zehaztapen bat erantsi zuen, halere: «Oraindik gelditzen da eskulangintza. Baina, azkenean, tokiko langileek beren burua esplotatzen dute, edo esplotatu zituzten ondoko batzuek. Aitzitik, azken aldietan, lana errazteko makinak lortu ditugu».

Ados sakonenean. Txorroxkeria bat baino ez. Esaldiko edo soil hori muga txikiegia iruditu zitzaidan. Lurretik Ilargirainoko tartea dago norbere burua esplotatzetik ondokoak esplotatzera. Edo batek uztar ditzake bi errealitateak? Bere burua esplotatzen duena ez da bizi; ondokoak esplotatzen dituena bizi, biziko da, baina ez du bizitzen utziko. Aldea dago! «Edo…». Bi silabatan agur Marx eta bi menderi!

Lanarekiko harremanean tamalez oraindik aski kristau den honek badaki zer erantzungo dion hurrena lanetik datorrela «zer habil?» galdetzen dionari: «Hementxe, motel, leher eginda… Neure burua esplotatzetik bueltan».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.