andoni egana

Diruztatu

2024ko maiatzaren 25a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Auskalo loreek zer pentsatzen duten nitaz. Nik uste gure balkoikoak ikaratu egiten direla pitxerra eskuetan dudala hurbiltzen natzaien bakoitzean. Ez baitut senik ez jakinduriarik horretarako. «Badator ba hau, premiarik ez dudanean ura botatzera!», pentsatuko du limoiondoak; «orain al dator? Alferrik. Aspaldian genuen guk beharra», petuniek. Arrazoi dute. Ez luke nire erabakimenaren, nire eskuaren eta nire pitxerraren baitan egon beharko landareen ongizateak.

Ume ginela erregadiatu deitzen genion loreei ura botatzearen ekintza horri. Gerora ikasi genuen ureztatu egiten zirela loreak. Aditz politagoa; geuregoa, zalantzarik gabe.

Atzo, berripaper honetan lehen aldiz irakurri nuen aditz bat titular batean. Mugaz gaindiko proiektuak diruztatuko ditu euroeskualdeak. Diruztatu? Jontxo! Ureztaturen pare-parekoa. Eta esku agintari bat irudikatu nuen, dirua parrastaka isuriz. Hiru ardatzetako proiektuak aurkeztu omen daitezke, betiere mugaz gaindiko izaera aintzat hartuta: mugikortasuna, enplegua, eta euskara eta eleaniztasuna. Esku isurtzailea izango ahal da sosekin ni landareekin baino sena handiagokoa! Bestela, premian daudenak ez ditu diruztatuko eta diruztatuko ditu beharrik gabeak. Diruak badu aditzak ere itsusteko gaitasuna.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.