Hedabide askotan aipatu dute. Joan zen larunbatean izan zen depresioaren aurkako eguna munduan. Ez dakit nori otu zitzaion urtarrilaren 13a depresioarekin lotzea, baina bote-lasterrera ez dirudi data txarra.
Betiere mendebaldeko begiradatik, urtarrilaren bigarren astea gogorra egiten da. Badira egun batzuk jaiak joan zirela; pasatu da euforia, iragan da urte berriaren muga eta lehengoa sentitzen zara, okerragoa, akaso; gogogabetua zaude; ez duzu etxetik irten nahi eta, askotan, logelatik ere ez; tunel batean sartuta sentitzen zara eta ez duzu irteerarik sumatzen. Eguraldiak ere ez dizu askorik lagunduko, egun euritsua egun ilunaren ondotik. Ez da txantxetako kontua depresioarena. Adituek diotenez, 2030erako lanerako ezinduko gaituen arrazoi nagusia izango da. Euskaratik albo-hizkuntzetatik baino hobeto uler genezake buru-osasunaren garrantzia. Osasuna horixe baita: osotasuna.
Nazioarteko eta Munduko egunak izendatzen dituztenek, ordea, badute txiki-handiak nahasteko joera. Gai dira arazo larriaren ondoan huskeria bat ipintzeko. Esaterako, urtarrilaren 13an ospatzen da —egun bere-berean— Txiklearen Nazioarteko Eguna. Deprimitzeko moduko kontua dela esango lukete erdaratik. Hausnarketarako gaitzat har genezake euskaratik.