Ez zen wikiloc-ik eta ibilbidea ezagutzeko bertara joan beste erremediorik ez zen, 2006koa baita wikiloc; ez zen eskumuturreko erlojuetan GPSrik, horiek 2012koak baitira; sakelakoak baziren, baina ez zen Whatsapp-ik heldu 2010era arte; Instagramik ere ez zen, 2012a baino lehen; droneak 2014an hasi ziren helburu militarrak ez zituzten kontuetarako hedatzen…
2003an egin nuen Zegama-Aizkorri mendi maratoia. Uztailean, oker ez banaiz. Hogeita bat urtean dena nola aldatu den! Gehien, geroni. Baina prestakuntzaren eta batik bat hedapenaren aldetik ere izugarri aldatu da dena. Duela hogeita bat urte ez zegoen zozketaren zain egon beharrik parte hartu ahal izateko; ez nuen inor sumatu kamera sorbaldan, eskuan edo bekokian zuela; ez nuen nire entrenamenduen saiorik igo inora. Zertarako? Niri baino ez zitzaidan axola eta! Egun hartako argazki bakarra daukat. Bat, eta nahikoa. Eta ez dut inorekin partekatu…
Aldatu ez diren gauzak ere badira, ordea. Bolondres lanerako jendea biltzea gero eta nekezagoa dela nabarmen den garaiotan, ziur nago zegamarrek lehengoari segitzen diotela. Sentimendu hori nik baino hobeto adierazi du, ordea, bertsotan, Zegamako alkateak: «…bolondres eta laguntzaileei/ bihotzez eskerrik asko/ ikusten ez den izerdia da/ ikusten denaren hauspo».