andoni egana

Deia

2025eko apirilaren 23a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Bazkaltzen ari ginen. Telefono hotsa sakelakoan. «Hartu egin behar dut» esanez desenkusatu zen. Ondo-ondoan neukan, eta nahi gabe ere sumatu nuen deika ari zena emakumezko bat zela. Hitz gutxitan erantzun zion. Baietz. Bazekiela. Penagarria zela baina hitz egingo zutela hurrengo batean. Gipuzkoako itsasertzeko herri bateko bikarioa zen —edo parrokoa edo dena delakoa— nire ondoan bazkaltzen ari zena. Etsipen keinu bat egin zuen telefonoa itzaltzearekin. «Aita santua hil dela esateko deitu dit». Ordurako baziren arratsaldeko hirurak. Ordurako berria zaharra zen…

Ez nion apaizari galdetu nahi izan deitu zion emakume hura nolakoa zen. Nahiago izan nuen irudia neuk osatu. Adinekoa irudikatu nuen. Bakarrik bizi da. Erdipurdiko eguraldiarekin Pazko astelehen goiza oso luze egin zaio. Zalantzan egon da lagun min bati deitu eta aita santuarenaz harekin hitz egin edo ez. Ez da ausartu. Lagun mina ez da hain min, eta, gainera, telefonoa hartzeko ere baldartua sumatu zuen azken aldian. Errezatu du dakiena. Behin eta berriz. Baina horrek ez dio goiza laburtu. Katuei eman die jaten. Berak ez du mokadurik probatu. Kuluxka bat egin nahian etzan da besaulkian baina ez du lorik hartzen. Eta azkenean, apaizari deitu dio.

Dei hura egiteko premia larria zuen emakume irudikatu hark pena handiagoa eman zidan heriotza natural batek baino.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.