andoni egana

Datak

2025eko apirilaren 10a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Askotan galdetu izan didate txapelketa garaian urduri jartzen nintzen. Horrelakoetan beti erantzuten dut gauza bertsua. Urduritzen hasten nintzela hozkailua ireki eta jogurten iraungitze data nire jardunaldia baino urrunagokoa zela konturatzen nintzenean. Alarma pizten zitzaidan, esaterako urriaren bukaera aldera, jogurten tapan azaroaren 26a irakurtzen nuenean. Nik saioa 22an dut eta! Gainera etorri zait oharkabean!

Lehengoan, lagun adinkide batek esan zidan —hizpide nagusi bihurtu zaigu gaia orain— erretreta hartzeko garaian antz handia dugula gerratik bueltan datorren armada batena. Agintariek ematen dituzte euren irizpideak, baina bakoitzak egiten du ahal duena. Batzuk falta dira; beste batzuek, zauriturik, lehentxeago alde egin behar izan zuten frontetik; batzuek bide bat hartzen dute erretiradarako, besteek bestea. Ahal duenak ahal duena, ahal duen modura. Bekainak harrotuz erantzun nion gu, sortzaileak, gerra amaitu eta gero ere lubakietan geratzen diren tonto-tuntun bakarrak izatera kondenatuak gaudela gehienetan…

Jogurten tapak eta erretreta garaia uztartzen dizkidan albiste bat gaur. Datorren urtean, San Jose eguna eta urriaren 12a jai izango omen dira. Jogurten tapek eragiten zidaten hozkia poz bihurtu zait. Datorren urteko urriaren 12an erretiroa hartzeko moduan nengoke. Gainera etorri zait. Ez oharkabean!

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.