andoni egana
HITZ ETZANAK

Daniel

2022ko abenduaren 3a
00:00
Entzun
Txakur begetarianoak badirela jakin berri dut. Motza naiz oso animalia kontuetan, inolako ezagutzarik gabea, eta ez zait bururatzen erabakia nola hartu duten, giza interbentzioaren bidez ez bada. Sumatzen dut ohitura kontua izango dela. Luzaroan okelarik ematen ez badiozu, sena joango zaiola animaliari; edo zigor-sari sisteman oinarrituko dela aldaketa. Hots, okela jaten badu kokotekoa, eta bestelakotik jatean txaloak eta igurtziak.

Baina egon ninteke oso oker, eta animalia bera izan, une jakin batean, erabakia hartzen duena. Hala balitz, jakintzat ematen dugun munduaren antolamendua eta historia ere aldatuko lirateke.

Esaterako, Daniel profetaren kasuan, fedetik baino ez zitekeen uler gertatu omen zitzaiona. Daniel, errege maltzur batek lehoietara bota zuen, haiek txiki-txiki egin eta irents zezaten. Baina lehoiek, gaztearen zintzotasuna sumatu nonbait, eta bake-bakean utzi zuten, bizirik. Miraritzat hartu zuen erlijio zaharrak. Erlijio berriaren azalpenak ez luke zientziatik askoz ere helduleku hoberik. Erregea lehoiei biraoka hasi zen Danieli mokadurik ere ez ziotela egiten ikusiz. Lehoiek, sorbaldak harrotu, eta azalpena eman zioten: «Begetariano bihurtu gara. Profeta kutsakor hau baino nahiago dugu kinoa platerkada on bana».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.