andoni egana

Brankara!

2024ko maiatzaren 19a
05:00
Entzun

Espero gabeko lekuetan aurkituko dituzu ikasgairik bitxienak. Ibiliko zara diren eta ez diren autolaguntza, autoeraikuntza, autohezkuntza… liburu guztiak miatzen, eta inon ez duzu deus aurkituko. Eta hurrena berriz…

Joan zen ostiraleko berripaper honen Gipuzkoako Hitza-n elkarrizketa bat zetorren, Txusma Peña arrantzale ohiari Miren Mujika Telleriak egina. Txusmak itsas bizitzari loturiko beste hainbat pasarteren artean honako hau zioen: «Harreman ona genuen, eta istiluren bat izaten genuenean ‘tira, goazen brankara!’ esaten genion elkarri. Brankan eseri, zigarro bat erre, eta, hala, aise konpontzen genituen haserrealdiak. Ez genuen besterik».

Itsasontzian ika-mika sortuz gero, irtenbiderik ez da. Alferrik saiatuko da bat bestearengandik urruntzen. Horregatik da konponbidea derrigorrezko. Eta beharra bezalako irakaslerik ez dela aspaldi ikasi genuen. Gainerakook ere bai, baina esate baterako politikariek, «goazen brankara!» hori maizago erabili behar lukete, eta gutxiagotan hain maiztu eta muingabetuak dauden «elkarbizitza»-ren moduko hitzak. «Goazen brankara!» hedatzeko moduko esaldia iruditu zait. Batik bat, haserrealdian, aurrez aurrekoa popatik hartzera bidaltzeko ohitura oso zabaldua dagoelako. Zigarroarena…

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.