Eskerrak ikasle ginela, nerabezaroan, 70eko hamarraldiaren erdialdera piztu zen sualdi hartan joaten ginen! Bestela, langile asanblada bat ezagutu gabe alde egin beharko genuke mundutik, eskurik lakartu gabe bizi ahal izateko zoria —edo zoritxarra, nola begiratzen den— izan dugunok.
Hau idazten ari naizela dira burutzekoak bozketak Ulman eta Oronan, Mondragon korporazioaren baitan geratu ala ez erabakitzeko. Baterako zein besterako izan ditzaketen arrazoirik jakin gabe, ausartegia litzateke nire partetik iritzi imintziorik txikiena ere. Datuek ematen didate zer pentsatua: hamar mila langiletik gora, eta horietan ia erdiak, bazkide kooperatibistak. Hots, bozkatzeko eskubidea dutenak. Horrek esan nahi du langileen erdiek baino gehiagok ez dutela bere etorkizunerako erabakian parterik izango? Tira...
Atentzioa erakarri didana, ordea, bi bozketa horiek sortu duten mugitu beharra da. Irakurri dudanez, 60 autobus jarri dituzte Oñati eta Legazpitik Donostiako Illunbera, Ulmakoen bozketara; eta hegaldi bana Madril, Bartzelona, Malaga, Valentzia, Sevilla eta Alacantetik Noainera, handik gero Oronakoen bozketara Hernanira hurbil daitezen. Tokitan geratu da Jose Maria Arizmendiarrietaren bizikleta xaharra!
HITZ ETZANAK
Bozketak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu