andoni egana

Borrokatu

2024ko uztailaren 16a
05:00
Entzun

Igarkizuna: zer da gauza bat, umetan egin, eta ez duzula egin esaten duzuna, eta nagusitzean, egin ez eta egin duzula esaten duzuna?

Umetan, gure garaian behintzat bai, borroka egiten genuen lagunen artean. Askotan jolas huts; beste batzuetan, benetan. Gero, irakasleek edo gurasoek borroka egin zenuen galdetzen zizutenean bazenekien ezetz erantzutea komeni zitzaizula. Nagusitzean justu kontrakoa egiteko joera dugu. Urteetan eta hilero nomina ziur bat kobratu arren, «euskararen, hezkuntzaren, osasunaren... aldeko borrokan» ari garela sinetsaraziko diogu geure buruari; saltzaile batekin autoaren prezioa negoziatzen aritu bagara «borrokan aritu naiz» kontatuko dugu, lantegiko konbenioa negoziatzen aritu izan bagina bezala; «garaipena borrokatu egin dugu» esango du kirolariak; erlojuaren aurka ere «borroka» egiten dugu... Beti borrokan ari gara eta azazkalik gabe eta arropak soinean txukun itzultzen gara etxera.

Donald Trumpi ere hitz horixe entzun diogu bala batek belarri ertzeko hotzak kendu eta oholtzatik —«tranpaldo» zergatik deitzen dioten oholtzari orain konturatu gara— beherakoan: «Borrokatu! Borrokatu! Borrokatu!». Eta ukabila altxatuta, gainera! Zenbait hitz eta ikurrek denerako eta denentzat balio badute, ez goaz ongi.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.