Eta ni zer? Ni ez al naiz inor? Aurten beteko ditut 60 urte. Mende erdia joan zen txapela jarri zidatenetik. Adintsua gaur egun gaizki ikusia dagoelako edo, inork ez nau orain aintzat hartzen. Eta adarra jotzeko gainera, nigandik gertu baina goraxeago, ni baino berriagoa berritu egin behar dute. Izan naiz ba zerbait ni!
Aipatu ere ez nuke egin behar nire sabelean jiraka ibili izan zirela munduko txirrindularirik onenak. Horretarako egin ninduten! Baina ez ahaztu sekula zenbat kultur ekitaldiri eman diedan babes. 24 orduak euskaraz hura mitikoa izan zen. Baita 1986tik 2001era jokatu ziren Euskal Herriko Bertsolari Txapelketen finalak ere. Eta inork ez dezan esan txokokeriatarako baino ez dudala balio izan, gogorarazi nahi dizuet nire aterpea eskaini izan diedala Ramones, U2, Chick Corea, AC/DC, Bob Dylan, Sting, Serrat, Mike Oldfield, Lou Reed-i… Harrapazan/k hori, Illunbe!
Goraxeagoko nire bizilaguna izugarri edertu eta handituko dutela entzun dut egunotan. Baina entzun dut, ez dakit hala den, berritze baimenak lortze aldera, zezenketak ez dituztela kenduko. Eta horrek min ematen dit. Ni zahartzen joan naizen neurrian askotan ikusi baititut txirrindulari izan nahi luketen neska-mutilak itoginpean entrenatzen. Zezenketek segi egingo dute; txirrindularitzak, ez dakigu. Ez zait justua iruditzen.