Izango dugu egunotan Elizabeth II.a erreginaren berririk aski. Mundua zabala da, eta geuretik neurtzea gustatzen zait niri. Ez dakit den gaixotasuna ala gutizia. Oso zahartuta, ehun urterako lauren faltan hil dela jakitean, inguruan hasi zitzaidan burua bila. Eta luzera gabe aurkitu nuen konparaketa datua. Lazkao Txikiren adinkidea zen erregina zendu berria!
Britainiar emakumea ia hogeita hamar urte gehiagoz bizi izan da lazkaotarra baino. Bataren eta bestearen aginpidea eta ardura ere ez dira konparatzekoak. Ulertzekoa da erreginari buruzko hainbat film, serie eta dokumental egin izana. Ez dakidana da propio marrazki bizidun sail osorik eskaini izan dioten. Lazkao Txikiri buruzkoak gogoan ditut... Gustura ikusten dituzte oraindik ere ume eta ez ume euskaldunek.
Besteren mina beti da aintzat hartzekoa, baina ez dakit ze jauregiren aurrean trumilka bildu eta negar intziritan ari diren horiek ez didate barne-zimiko handiegirik eragiten. Zer espero zuten, inoiz ez hiltzea? ETBk irudi horiek eskaini dizkigu, jakina. Eta nago guk negar egin behar genukeela kolektiboki —ez dakit ze eraikinen aurrean, bakoitzak erabaki nork duen erantzukizunik handiena—, gure telebista publikoak garai bateko ekoizpen modu hari jarraipena ematen asmatu ez duelako.