andoni egana

Biziduna

2023ko azaroaren 22a
05:00
Entzun

«Ez dakiala ze pertsonaren irudia erabiltzen duten ikurtzat Reale Arenan Aitor Zabaleta herri harmailako Bultzada taldekoek?», galdetu zidan beste bertsolari batek. Galdera egiteko moduak berak adierazten zuen erantzuna ez zela samurra.

Che Guevara aipatu nuen. Ezetz. Takefusa Kuboz gogoratuta, ekialdera jo nuen bat-batean. Ho Chi Minh. Irribarre maltzurra, eta ezetz. Futbolera etorri nintzen. Haustaileenetara. Diego Armando Maradona. Ez. George Best, zeinak milioiak eta milioiak irabazi ondoren kiebra jo zuenean aitortu zuen diru asko xahutu zuela drogatan, alkoholetan eta sexuan... eta gainerakoa alferrik galdu zuela. Ezetz, are irribarre maltzurragoaz. Bertakoetara jotzea erabaki nuen. Arconada. Ez. Xabi Alonso. Gero eta hotzago. Mikel Laboa ere aipatu nion, bere kantak abesten dituztela jakitun. Hurbiltzen ari nintzela. Baina «dando» etsi bat ahoskatuta ireki nion sorpresa eman ziezadan atea.

«Lazkao Txiki!», bota zidan nire harridura aurreikusiaz gozatuz. Ez nuen han irudikatzen. Ezta talde horren ikurtzat ere. «Marrazki bizidunetako Lazkao Txiki», eman zidan azalpena. Hala behar zuen derrigor, taldekideen adina aintzat hartuta. Eta jabetu nintzen jendarte hau interpretatzen oso dela zaila, nahiz aldaketa eta joerei adi egon.

   

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.