andoni egana

Bizi

2024ko otsailaren 13a
05:00
Entzun

Bere erara hartzen dio umeak neurria munduari. Gurean bazen bat neurgailu bakartzat Arnedillo zuena. Inoiz edo behin joango ginen herri errioxar hartara eta orduz geroztik, bolada batez, Arnedillo bihurtu zitzaion erreferentzia bakar. «Zer dago, Arnedillo baino urrutiago ala hurbilago?», galdetuko zuen Oriora bagindoazen. Norbaitek Paris edo Mosku aipatzen bazituen, galdera bera izango zen: «Zer daude, Arnedillo baino hurbilago ala urrutiago?».

1974an argitaratu zuen Piers Paul Readek ¡Viven! liburua. Handik pare bat urtera irakurriko genuen guk. Andeetan gertatuaren kontakizunak guztioi eragin zigun. Istripua bera, bizirauteko giza haragia jan beharra... Bazen gure udaleku moduko haietan gu baino gaztexeagoko lagun bat. Mizkina. Jangartxua. Eta hark ere aurkitu zuen bere erreferentzia. Babarrunak baziren, «Hau Viven-ekoek jango lukete?», galdetzen zuen; gauza bera porru-patatekin: «Hau Viven-ekoek jango lukete?»...

Mundu globalizatuan, egon daitezke Zeelanda Berria, Txile edo Maroko, Arnedilllo baino hurbilago. Eta hango arkume, ganba edo tomateak jaten ari gara. La sociedad de las nieve filmak hainbeste Goya sari jaso dituen honetan, laborariak protestan ari direla, galdera maiz egin beharko genuke: «Hau Viven-ekoek jango lukete?».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.