andoni egana

Bitarteko

2025eko martxoaren 14a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Datuek ez diote diotena baino gehiago: munduan zehar, proportzioan, jendea gehien Hego Korean eta Lituanian suizidatzen da; astelehena hobesten dute euren buruaz beste egiten dutenek; 2015 eta 2019 artean 370 nekazarik egin zuen buruaz beste Espainian; 20 eta 30 urteko gazteen artean, suizidioa da heriotza arrazoietan lehenetakoa… 

Moduak, berriz, milaka dira, eta zerrendatze hutsak nekez inori emango dio atseginik. Baina joan zen asteartean Bidarten gertatu zenak ematen du zer pentsaturik. Gasna saltegi batera sartu zen gizonezko bat armaturik. Bahitu zuen saltzaile lanetan ari zen emakumea. Poliziari deitzeko agindu zion. Eta, polizia iristean, tiroka hasi zen. Poliziak tiroka erantzun zion eta gizonezkoa hil zuen. Bere armak tiro-hotsak sortzen zituen baina ez zuen tirorik jaurtitzen, gerora jakin denez. Egoera lazgarria. Baina atentzioa erakarri didatenak Baionako prokuradore Jerome Bourrierren hitzak dira: «Bertan atzeman dituzten elementuek pentsarazten dute gizonak bere buruaz beste egin nahi zuela». Eta nik ezagutzen ez nuen ideia bat erantsi zuen. «Poliziaren bitartekaritzazko suizidioa» deitzen zaio horri. 

Irudikatu dut hil berria Purgatoriora iritsi eta han zeuden beste suizidei bere hautua harro azaltzen: «Nik Polizia hobetsi nuen. Zianuroa baino seguruagoa da; trena baino puntualagoa; zubiak baino…».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.