Betikotasuna. Betirako. Orain eta beti. Intsentsu usaina hartzen diet, elizakoa, beti etorkizunera proiektatzeko erabiltzen duten esaldiei. Beti iragana arrazoitzeko erabiltzen denean, berriz, tranpa-kiratsa nabarmena izaten da. Betidanik dioenak, gehienetan komeni zaion lekuan jartzen du beti horren mugarria.
Nazioarteko Atletismo Federazioak kinka larrian sumatu du bere burua. Halterofilian, igeriketan... izan dira kasu entzutetsuak lehen ere. Gizonezko transgeneroak emakumezkoen lehiaketetan parte-hartzaile. Zenbaitek dio emakumezkoen arteko lehia desitxuratu egiten duela horrek —«zintzilikarioa ia bistan zeraman eta!», kexatu zen behin bigarren iritsi zen emakumea—; zoriontsu izateko ematen dutela pausoa, ez kirol abantailak lortzeko, erantzungo dute transgeneroek. Eztabaidagaia aski berria da. Eta gure begirada, nirea behintzat, urrutiegikoa ezer garbirik sumatu ahal izateko.
Atletismo federazioak atleta transgeneroek nazioarteko emakumeen lehiaketetan ezin izango dutela parte hartu erabaki du. Erabakiak baino gehiago, eranskinak erakarri du nire arreta. «Dena dela, ez dugu esango erabaki hau betirako denik». Eta horrekin bai. Badakit horrekin bat natorrela. Badaezpada, beti kontuz ibili betirako-ekin.
HITZ ETZANAK
Bistan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu