Lurraldeak muganteak edo. Datak ere bai: 1545 eta 1554. Linguae vasconunm primitiae eta La vida de Lazarillo de Tormes y sus fortunas y adversidades. Etxepare ari zen erlijioaz, maitasunaz, eta euskara mundura zabaltzearen garrantziaz. Bitartean, Gaztela aldean, norbait gerora pikareskatzat ezagutu dugun literaturaren azpigenero bat asmatzen ari zen. Pikaroa zen Tormesko itsumutila. Gizarte maila baxukoa. Nagusi bat baino gehiagoren zerbitzari. Bizimodua ateratzeko azeri jokatzen zuena. Tranpak erabiltzera derrigortua.
Joan den bost mendean Espainian pikareskak bide egin du. Eta literatura arloan egin du gutxien aurrera. Politikan, harremanean, negozioetan… pikarotasuna helduleku ezinbestekotzat hartzen da Ebrotik behera.
Asteazken arratsaldean, poza lehenik, tristura eta amorrua ondoren, eta po, po, poza berriz ere azkenean. Alex Aranburuk irabazi zuen Itzuliko etapa Beasainen. Azken biribilgunea ezkerretik hartu ordez eskuinetik hartu zuelako xextra sortu zen. Etapa galdutzat eman zioten tarte horretan, martxan ibili nuen burua: «Eta zer? Alderdi askok kontrakoa egiten du; bide-orrian ezkerretik joan behar dela esan eta azken orduan, inori jakitera eman gabe, eskuinetik jo! Eta ez da ezer gertatzen! Gainera, berak ez du errurik. Elastikoaren bularrean daraman ikur horrek pikareska berezkoa du».