Betaurrekoak soinean zeramatzala betaurrekoen bila zebilenaren metaforak ematen du zer pentsaturik. Sukaldeko mahaian utzi zituen eta ez zeuden han; egongelan ere ez; ezta logelako gau mahaitxoaren gainean ere. Begiratu zuen badaezpada komunean. Hozkailuan ere begiratu zuen... Ez ziren inon ageri. Soinean zeramatzala jabetu zen arte!
Bihar zen elkartzekoa baina gaur elkartu da, presaren presaz, EBB (Euskadi Betaurrekoen Bila). Zer gertatu den argitzea ezinbestekotzat jo dute. Bost urteren buruan botoen erdiak galtzea ez da txantxetako kontua. Eta ez du zerikusirik, gainera, lekuekin. Erdia Bilbon. Erdia Donostian. Erdia pasatxo Gasteizen... Pedro Sánchez aipatu du hitza lehenengo hartu duenak. Espainiako presidenteak bere burua salbatu duela beste behin ere, baina laguntzaileak hondoratu dituela. «Gu bai. Baina ez denak», erantzun diote. Pernandoren egia. Eguraldia aipatu du beste batek. Denentzat egin zuela txarra erantzun diote. «Baina guretzat okerragoa! Gure boto-emaile asko edadetuak dira eta erauntsiak haiei eragin die». Beste batek bota du PPtik ez zaiela oraingoan mailegu botorik iritsi. Beste batek, portzentajeetan ez dutela erdia galdu, herena baizik...
Betaurrekoen bila segitzen dute. Eta ez dakigu soinean daramatzaten.