Bihoa ezer baino lehen aitorpena: nik ere hautu bera egingo nukeen oholtzan neurgai egoteko adinako indar eta ausardiarik banu. Ez da beraz kritika bat, konstatazio bat baino.
Joan zen igandean, Zarautzen, Gipuzkoako bertsolari txapelketako saioan, ganbarako lana bikoteka egin beharrekoa zen. Hiru bikoteri gai bera, elkarren berri ez zekitela, noski. Seiko motzean aritu behar zuten derrigor, eta neurri hori teknikoki bihurria da. Ez du azalpenik errazten. Esatekoak argi esatea eskatzen du. Honakoa zuten gaia: «Lagun minak izan zineten. Orain urte batzuk elkarrekin haserretu zineten. Berriro heldu diozue harremanari». Gai irekia. Hasieratik erabaki beharra dago zein izan zen haserrealdiaren arrazoia. Heldu zion lanari bikote batek; iritsi zen bigarren bikotea eta aritu zen hura ere; hirugarrenak ere bete zuen bere lana. Eta hirurek aukera bera egin zuten. Haserrealdiaren arrazoi bikote harreman bat izan zen kasu guztietan, aldagaiak aldagai.
Zortzi egun lehenago bakarka aritzeko gai honetatik gentozen: «Zinema zuzendaria zara. Espainian ekoitzitako hainbat lan ari dira kaleratzen azkenaldian euskal gatazkari buruz. Beste ikuspegi bat emateko ahalegina egin nahi duzu». Politikan sustraituriko haserrealdirik ez zen sumatu Zarautzen. Esanguratsua. Askotan, kontatzen ez denak gehiago erakusten du kontatzen denak baino…