Zazpi urte egingo ditu datorren irailean. Ondarroara bidean gindoazen Itziarren goitik behera. Katalunia noiz izango zen independente atera genuen hizpidea. Bi urtetik bostera esan zuen berak. Zaharrago eta zuhurrago hoskide direnez, bostetik hamarrera egin nuen nik pronostikoa.
Hango lagunek prozesuak atzera-bueltarik ez zuela esaten zuten; ikusi berriak genituen urte hartako Diadako irudiak; entzuten genituen diskurtso tinkoak. Eta sinetsi egin genuen guk ere, miresmen eta inbidia punttu batez, emandako pausoak atzera-bueltarik ez zuela. Gero etorri ziren debekuak eta Piolinak, atzerriratze eta kartzelaldiak. Eta zatiketak. Eta paktuak. Eta gainerako guztiak. Miresmena lausotu egin zitzaigun eta inbidia punttua urtu. «Ez al zekiten zeinen kontra ari ziren? Hain erraza izan balitz guk ere…», entzun izan diot bekaizkeria gorde ezinik zebilen zenbaiti. «Orain, Mendebaldean, eta hemen zer esanik ez, odolik isuri gabe ezin da…» bota duenik ere izan da.
Noizbait gogora ekarri izan diot lagunari bere aurreikuspen epea pasatua zegoela. Igandeko emaitzak ikusita, ni ere ez nintzela aski zuhur ibili suma daiteke. Ondarroa igaro, eta itsasertzeko errepidetik Lekeitiora bidean doaz kataluniarrak. Eta ibilbide bihurgunetsu horretan denbora behar da…