andoni egana

Biak batera?

2025eko otsailaren 16a
05:00
Entzun

Entzun nuen 5.000 milioi euroz hitz egiten. Aipatu zuen beste 4.000 milioi ere beharko direla baina urte gutxi barru Abiadura Handiko Trena hego Euskal Herrian barna ibiliko dela. Erantsi zuen, kokoloak gu nonbait, ez garela konturatzen tren hori abian jartzeak zenbaterainoko aldaketa ekarriko duen gure bizimoduetara. Eta orduan, milioiak milioi, bekainak harrotu nituen.

Espainiako Garraiorako Ministro jauna, Abiadura Handiko Trenak Baigorri hurbilduko dit neguko igande arratsalde petral batez? Hurbilduko dit Orozko goizaldeko hiruretan bertso-afari batetik bueltan natorrenean? Eskuragarriago izango dut Natxitu?  Zertarako behar dut Abiadura Handiko Trena gurasoen etxera joateko, oinez hiru minutura daukat eta! Berorrena bezalakoa ez, baina nirea ere bizimodua dela iruditzen zait niri…

Donostiako tren geltoki berrituan egin ditu adierazpen horiek Ministroak. Azken pare bat urtean tren geltoki horretan egin dituzten lanek eta sortu dituzten gorabeherek ezerk baino hobeto adierazten dute Abiadura Handiko Trena zer den. Egungo langileak izorratu —tren gutxiago, ordutegi aldaketak, atzerapenak…— biharko exekutiboen mesedetan. Eta aholku bat Ministro jaunari: hitz egin daiteke 9.000 milioi euroz; eduki daiteke «Sonny Angels» horietako bat sakelakoari itsatsita. Baina biak batera ez. Dekoroaren aurka doa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.