Talde batean, joan zen astean auzoko denda batean bi garagardo lata lapurtzen harrapatu zutena; beste bat, lurrean eseri eta guztion molestagarri eskean aritzen dena; gazte kuadrilla bat, pasatzen den orori begiratu maltzurrak luzatzen dizkiena; burutik egina dagoen beste bat; beste taldetxo bat, kristok ere ulertzen ez duen hizkuntza batean elkarrekin hizketan aritzen dena…
Aurrez aurre ipini den taldean, hirian betidanik ezaguna izan den abokatu familia bateko semea, karrerarik ez bukatu arren bufetean aritzen dena; hiriguneko denda baten jabea, Donostiako denda gaizki zihoala ohartu zenean Gasteizen beste bat ireki eta, hondoa jo zuenean, langileak kalean uzteko lege-zirrikitu denak baliatzen asmatu zuena; beste bat, izan dituen etxe-langileei sekula kontratu bat egin ez diena; gimnasiozale itsu bat…
Inozoak gu, lehen taldekoen beldur gara. Daukaguntxoa, gurea, kentzera etorri dira. Hutsa bigarren taldekoek dagoeneko kendu izan ez baligute! Eta norbanakoetan ulergarri izan daitekeen joera hori salatzekoa da ardura kolektiboa dutenengan. Donostiako Udalak bertan behera utzarazi ditu Egia auzoko Kaleko Afari Solidarioak. Bigarren taldekoen jarrerak —«jatekoa kentzen digutenei nola emango diegu, ba, jaten!»— istiluak sortu zituen. Eta, jakina, segurtasuna gailendu zaio askatasunari, elkartasunari, justiziari…