Egunkari baten helburu nagusia inguruan gertatzen ari dena kontatzea bada, nekez lor daiteke helburu hori atzo berripaper honek lortu zuena bezain egoki. Egunkariaren mutur banatan, bi berri. Lehen orrian honakoa: «Araba, Bizkai eta Gipuzkoako umeek hobera egin dute zientzia gaitasunetan, baina okerrera euskaran». Egunkariaren bukaera aldera, 23. orrialdean, Matias Mujikak Homeroren Odisea euskaratu berri duen albistea. Lan originaletik zuzenean itzuli eta neurtitzetan argitaratu du.
Eta zubiaren bi zutabeen artean, mundu bat euskaraz kontatua: Martxoaren 3a, Ukraina, sexu abusuak, surfa, saskibaloia… Hots, atmosfera bat, non hautua eginez gero, apurren bat gehiago kostata baina euskaraz arnas daitekeen.
Estratosfera berriz —kultura jasoa deituko genukeen hori— distiratsu dugula esango nuke. Eta ez soilik Matias Mujikaren lanaren handi eta zailarengatik. Sormenean, duela mende erdi sumatu ere egingo ez genukeen maila daukagu. Literaturan, musikan, antzerkian, zinemagintzan… Atmosfera itxuratu eta atmosferaren bigarren geruza edozertarako doitzea lortu dugunean, zergatik zorua dago hain lehor, hain zokorrez betea? Zertan ari gara huts egiten? Ezinbestekotzat jo behar dugu zoruaren lehortasun kezkagarri hau? Noranahikoa izan dadin lortu dugunean ez genuke nolanahiko hizkuntzarekin etsi behar.