Liburu horailduetako bertso berri zaharrak irakurtzen eman dut asteburua. Udazkena iraganminaren aroa dela dioen asko da...
Euskal Herriko bertsolari txapelketaren une gorena zen: buruz burukoa. Eta lehen gaia, temarako, honakoa jarri zieten Jon Lopategi eta Xabier Amurizari: «Telebistaren aurrean zaudete. Hik, Lopategi, lehen kateko programa ikusi nahi duk. Hik, Amuriza, bigarren katekoa». Launa bertso zortziko txikian. Saio polita egin zuten. Eta errematea Amurizaren esku geratu zen: «Orain nago bigarren katera begira... erdera sartutzeko leihoa hori da». Txalo zaparrada handia.
1982ko abenduaren 19an jokatu zen final hura. Handik hamabi egunera jarri zen abian, estreinakoz, Euskal Telebista. Beraz, Espainiako telebista publikoko lehen eta bigarren kateez aritu ziren. Ezkutatu egin dizuet orain arte datua. Amurizak bertso horren hirugarren puntuan aipatu zituen Iñigo eta Hermida bezala. Dataren datua jakin ezean eta bi izenak ezabatuta, egungo egoeraz ari zela dirudi, ETBz, eta ez Televisión Españolaz. Horregatik erabaki dut, asteburuan irakurri ditudan bertsoetan, ongien zahartu dena horixe dela. Lastima da, ordea. Gertatzen ari zena azaltzeko kantatu zuenak, gerora gertatu dena azaltzeko berdin-berdinbalio izatea oso da seinale txarra.
HITZ ETZANAK
Bi kate
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu