Hitzen bat baldin bada, guztiz egurtua, xehatua, nahieran erabilia... hitz hori metafora da. Edozeri deitzen zaio, egun, metafora.Denik ez da apenas sortzen, etaez denari deitu behar!
Metaforari izena ebatsita bada ere, konparazio politak egin izan dira. Bizitza oinarritzat hartuta, esaterako. «Maratoia bizitza bera bezalakoa da» dioenak ez dio gezurrik. Eta edonork ulertzen du esanahia. Luzea da, gogorra; gorabeherak izaten dira maratoian zehar, bizitzan bezalaxe; bidelagun egokiak aurkituz gero errazago eramaten da kilometroen zama, bizitzan bezala. «Itsas-zeharkaldi bat bizitza bera bezalakoa da» dioenak ere konparazio balekoa egin du. Badakigu nondik abiatzen garen eta nora goazen ere bai; haizeek eta olatuek bidea galtzeraino astinduko gaituzte, bizitzan bezala; bizitzan bezala, askotan lehorra izaten da zeharkaldiaren amaiera... Gerta daiteke, ordea, metafora bat egiten ari zarelakoan, konparazio soil bat sortu, eta, gainera, konparazio hori guztiz traketsa izatea. Trebea da horretan Isabel Diaz Ayuso, Madrilgo komunitateko presidentea. «Zezenketaren artea bizitzaren artea bezalakoxea da» bota ez du ba! Ez dago okerrago jarduterik. Aldrebesa behar du heriotzarekin amaitzen den ikuskizun baten defentsan bizitza aipatzeko!

HITZ ETZANAK
Bezalakoa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu