Espainiako presidente zela, Rodriguez Zapatero kafearen prezioa ez zekiela harrapatu zuten. Ez zait niri horrelakorik gertatuko. Gure ostatupeko tabernan, euro bat eta hamar xentimo kobratzen ziguten kafea.
Ezustekoa izan da guretzat. Izana nintzen Mallorcan. Baina Palman, eta duela ia berrogei urte. Hotelean, eta turista. Orduan, espero nuen Mallorca topatu nuen, turismo agentziek saltzen zigutena. Oraingoan, ez. Lanera joan gara eta Palman ordu gutxi batzuk baino ez ditugu eman. Manacorren, irlaren bihotzean, ibili gara gehien, glosadoreen —kantu inprobisatuan aritzen direnen— egoitza han dagoenez. Ia 50.000 biztanleko herri horretan, txorakeria gutxi topatu dugu. Jendearen janzkera, xehea; jendearen autoak, arruntak; dendak oraindik denda, eta tabernak oraindik taberna. Mallorcaz egin genezakeen aurreiritzitik oso urruti. Begiak zolitu, eta dirua xehetasun txiki batean baino ez dugu nabarmendu. Errepiderako txirrindak ziren berriak, denetik zutenak, garestiak derrigor, eta ugari.
Errepideko txirrindularitza turismoa jasaten hasi direla esan ziguten. Europatik propio etortzen direla taldeak, dozena bat-hamalau-hamaseiko tropeltxoak osatu, eta irlako errepideetan ibiltzera. Ematen du zer pentsaturik. Garraio modutzat hainbeste famatzen dugun txirrinda, nola erabiltzen den, izan daiteke demonioaren asmazio ere.