Gure senide diren hominidoek eta guk. Beste inork ez du elkar besarkatzeko gaitasunik. Akaso horrexegatik, estimu handitan dugu besarkada. Besarkatu egiten ditugu gurasoak; besarkatu maitea; besarkatu urruneko lagunak; hurbilekoa, berriz, ahuluneren bat sumatu diozunean, besarkatu egingo duzu, eta berak besarkatuko zaitu hondoa jota zu zaudenean. Besarkadak poza isla dezake eta dolua ere bai. Besarkadak agurrerako bezala balio du ongietorrirako. Eta ez da kontu fisiko soila. Hizkuntza bera ere zeharkatu du besarkadak. Fede berri bat, aberri zahar bat, ideia berritzaile bat edo ezinezko amets bat ere besarka daitezke.
Mahmud Ajjur mutikoa besorik gabe ikusteak hunkitu egin gaitu. World Press Photo saria irabazi berri du argazkiak. Adibide bat baino ez da Israel Gazan egiten ari den genozidioarena. Baina ze adibide! Mutikoa besarkatzeko grina pizten zaio edonori, bai baitakigu jakin, Mahmudek, luzaroan, ezin izango duela bere besoz inor besarkatu.
Salbuespenak izango dira, halere. Israeldarrek ez dute mutikoari falta zaionik ikusi ere egingo. Eta israeldarrak beti hain estu besarkatzen dituzten AEBetakoek esango dute gerraren albo kalteak direla horiek, ez dela hainbesterako, euren erietxe goi mailako batean segituan jarriko dizkiotela beso-eskuak, kozkortzean, resort-eko zerbitzari izan dadin.