Leku bera. Ia 58 urteko tartea, baina leku bera. Eta biak, bakarka, mikrofonoaren aurrean. Xalbador 1967ko ekainean eta Andoni Ortuzar 2025eko martxoan. Biek bertso bana.
Irudikatu dut Andoni Ortuzar Xalbadorren bertso bera botatzen. Hunkiturik, kantuan hasi da: «Anai-arrebak ez otoi pentsa, neure gustura nagonik…» (Ondo. Anai eta arreba, biak aipatzea oso da bidezkoa eta modernoa). «…poz gehiago izango nuen albotik beha egonik…» (Primeran! Lehen lerrotik urruntzeko prest dagoen agintariaren umiltasuna izugarri baloratzen da). «…zuek ez bazarete kontentu, errua ez daukat ez nik…!» (Bikain dator! Guztiok dakigu azken emaitzen ondorioz entzule jeltzaleen ezinegonaz, baina hori ez da agintari bakar baten errua, gizarte joerena baizik). «…txistuak jo dituzue baina…» (Ongi dator. Ezin da esan gabe utzi. Erreleboa, betiere, norbaiten lana zalantzan jartzean abiatzen da). «…maite zaituztet oraindik!». (Ezin esaldi egokiagoa azken unean hunkidura sortzeko).
Ez zuen horrelakorik egin Andoni Ortuzar jaunak. Bertso berria bota zuen. Berea. Itxurazkoa eta ongi emana. Esan behar zuena esan zuen, eta bejondeiola. Xalbadorrena kantatu izan balu, ez zioten den-denek behar bezala ulertuko. Ironia gehitxo, ertz asko. Nik neuk, barrabaskeria egitea hobetsiko nukeen, baina zerbaitengatik ez naiz politikaria…