andoni egana

Berrogei urte

2023ko abenduaren 15a
05:00
Entzun

Esango nuke Pako Aristi izan zela elkarrizketa egin zidana. 30 bat urte izango nituen. Urrestildarrak tituluetara ekarri zuen nire esaldi bat: «Ez dut neure burua bertsotan ikusten berrogei urtetik aurrera». Geroztik makina batek gogorarazi dit ditxosozko esaldia. Politikaria banintz, neure burua zuritzen asmatu beharko nuke. Ez nuela halakorik esan. Kazetariak gaizki ulertu zidala... Esan egin nuen, eta ongi ulertu zidan.

Ikasi dut norbere isilaldien jabe eta norbere berben esklabo garela; ez dela komeni etorkizunerako planak egitea; bizitza, planak egiten ari garen bitartean gertatzen zaigun hori guztia dela; maiz mintzo denak sarri sartzen duela hanka.

Ezustekoarekin esnatu ginen atzo. Ibarrola alkatea kendu eta Iruñeko alkate Asiron jartzea hitzartu dute EH Bilduk eta PSNk, Zurekin Nafarroaren eta Geroa Bai-ren laguntzarekin. Badute denek zerbait esateko. Eta esan beharra ere batek baino gehiagok sentitu du. Eneko Andueza PSE-EEko Jaurlaritzarako lehendakarigaiak esaldi borobil horietakoa bota du: «Aspaldian ari naiz gauza bera esaten, eta berretsi egingo dut. PSEk ez du EH Bilduko hautagairik lehendakaritzara bideratuko». Nire «berrogei urtetik aurrera» hartaz akordatu naiz. Eta berrogei urte direla GAL sortu zela. Eta...

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.