andoni egana

Berri

2024ko irailaren 8a
05:00
Entzun

Lamine Yamal futbolari gazte eta ospetsuak, sartutako golak, hatzekin zenbaki jakin batzuk adieraziz ospatzen ditu. Bi, zero, zero, zortzi... demagun. Gerora jakin dugu zergatia. Hatzez osatzen duen zenbakia da nonbait, bere auzoari dagokion posta-kodea. Eta hain gora iritsi arren nondik datorren ez duela ahaztu aldarrikatzeko egiten omen du egiten duen imintzioa.

Sustraiez akordatzea oso ongi iruditzen zait. Eta mundua aldatuz doa. Guk maitasuna ez genuke inoiz posta-kode baten bidez adieraziko. Aitortuko nuke maite dudala gure auzoa, gure herria, gure nazioa, gure hizkuntza komunitatea... eta, etsi-etsian, gure estatua ere maitatuko nukeela aitortuko nuke. Izaera administratibo soil-soila duen zerbait maite dudanik ez nuke ordea sekula esango. Metonimia modu berriak nagusitzen ari dira, eta ni behintzat, jokoz kanpo harrapatu naute.

Posta-kodetik abiatuta, iritsiko da eguna norbaitek bere mankomunitatea maite duela aitortuko duena? Hain gaude administraziopekotuak? (Bidenabar esanda, Euskadi maite duela dioenik bai, baina Erkidegoa maite duela dioenik ez dut ezagutzen). Irudika ezazue nire bertso baten hasiera: «Urola-Kosta bihotzekoa, Mankomunitate kuttun...». Segituan antzemango zenukete txantxetan ari naizela. Etorkizunean zer izango den? Auskalo! Orain arte administrazioa eta maitasuna esaldi berean ez ziren kabitzen...

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.