Nire auto berriak bederatzi urte ditu. Esaldi hori kakotx artean jarri izan banu, izan zitekeen ume baten idazlanaren lehen esaldia. Ez baitirudi, lehen begiratu batera, guztiz logikoa. Nire auto berriak bederatzi urte ditu. Eta ez nireak bakarrik. Asko izango dira azken boladan bigarren eskuko auto bat erosi dutenak…
Hirietako erdiguneak emisio gutxiko eremu bihurtzear dauden honetan, nik eta ni bezalakoek arazo bat daukagu. Lehenik eta behin, ezjakintasunarena. Gure autoak ze erregai darabilen ere doi-doi dakigunean, nola jakingo dugu, ba, B etiketarik baduen, edo 0 Eko den, edo C sailekoa izatea zertan datzan? Ikasi egin beharko dugu. Eta ikasi beharko dugu autoz aldatu edo lehengoa doitu ezean noraino sar gaitezkeen Hegoaldeko hiri eta herri handietan.
Jasangarritasuna gutariko bakoitzarengandik hasten da. Ados. Eta legeztatu egin behar dira legezta litezkeen kontuak. Konforme. Uste dut gainera norbanakoa, oro har, ongi jokatzen ari dela. Ikusi besterik ez dago zaborren tratamenduan zeinen axolagabeak ginen duela hogeita hamar urte, eta orain nola dihardugun. Goragotik dator, ordea, arazoa. «Nik ez diat plastikorik sortzen; nik plastikoa erosi egin behar izaten diat!», zioen adiskide batek. Gure herrian, gaur zabaldu dute Lidl erraldoi bat; gutxi barru irekiko dute Mercadona handi bat. Hirigunetik kanpo baina…