Nire onetik ateratzen nau. Huskeria izango da segur aski, baina ezin dut eraman. Usadioa delako edo, askotan gertatzen zaigu. Iritsi herri batera, bazoaz kantukidearekin antolatzaileekin hitzarturiko lekura, eta bidean ahots bat entzungo duzu: «Orain ere berandu zabiltzate bertsolariak!». Badakizu esandako ordurako zoaztela. Badakizu oihu egin duenak ez duela arrastorik ere zein den hitzordua. Baina bota egin du. Eta ez zara hasiko ika-mika iritsi orduko. Irentsi eta kito.
Puntuala zara oso. Urduritu egiten zaitu esandako ordurako ezin iritsi izanak. Eta urduritasuna estres bihurtzen zaizu lanen bat esandako egunerako amaitzeko gauza ez zarela jabetzen zarenean. Hitza hitz da, eta epeak epe.
Orain arte, horrelako egoeretan zeure burua sosegatzeko erabiltzen zenuen euskarria, gaztetan ikasi zenuen aita santu haren pasadizoaz akordatzea izaten zen. Angelo Giuseppe Roncallik, buruhausteek gain hartzen ziotenean, estu sentitzen zenean, tentsioak zamatzen zuenean… hala esaten omen zion bere buruari: «Lasai, motel. Azken batean, hi ez haiz aita santua besterik!». Orain, berandu nabilelako itolarria sentitzen hastean, aita santua atzendu eta Mazon eta enparauak izango ditut gogoan. «Lasai, motel. Hi ez haiz sortzaile txatxu bat besterik! Hik baino erantzukizun handiagoa zutenak ibili dituk hire aldean berandu!».