andoni egana

Belaunaldi bat

2025eko otsailaren 27a
05:00
Entzun

Berrogei urtez iraun zuen Alemaniako Errepublika Demokratikoak. Ekialdeko Alemania hartan sozialismoa izan zen nagusi 1949tik 1989ra bitartean. Mendebaldezale edo kapitalista itsuenak ere onartu beharreko aurrepausoak eman zituzten naziek erretako Alemania zati hartan bestelako mundu bat eraikitze asmotan. 

Esaterako, 1972tik aurrera, pilula antisorgailuak legeztatu zituzten eta doan jarri. Abortatzeko eskubidea onartu zuten. Adibidez, etxetik kanpo ere lan egiten zuten emakumeen kopurua inon baino handiago zen Ekialdeko Alemanian, haurtzaindegi, haur-eskola eta udaleku sare ongi hedatu bati esker. Proportzioan, munduko beste edozein tokitan baino antzoki, zinema areto, orkestra, gazteentzako klub, kirol talde, musika eskola, liburutegi, museo… gehiago zituzten berrogei urteren buruan. 

1989an, Berlingo harresia eraitsi, eta bi Alemaniek bat egin zuten. Ia beste berrogei urte pasatu dira ordutik. Eta joan zen igandeko hauteskundeen emaitzei begiratuz gero, mapa salagarri bihurtzen da. Ultraeskuinak egurra eman du, non eta han, ekialdean, bestelako mundu bat bazitekeela sinesten zuten lekuan. Nik ez dut datua azpimarratzeko baino haragoko gaitasunik. Gehiago dakitenek emango dute azalpenen bat. Niri, harrigarri gertatzen zait belaunaldi bakarrean hainbesteko belaunikaldia eman izana…

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.