andoni egana

Belarriak

2025eko martxoaren 30a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Ez gara txarrak izan besteei ikasiei eusten. Horri esker ere badiraugu. Guk oraindik komuna esaten diogu garai batean etxez kanpo eta familia bat baino gehiagorentzat izaten zen leku hari. Gaztelerak, berak sortu, eta berak galdu du. Ordezkotzat baditu nahi hainbat hitz: servicio, baño, retrete, váter… eta gehien gustatzen zaidana: escusado.

Egunotako albisterik mingarrienetakoa izan da. Epaile batek Dani Alves futbolari ohia aske utzi du. Emakume batek salatu zuen dantzaleku bateko erreserbatuko komunean sexu erasoa egin ziolako. Hamalau hilabete eman ditu kartzelan, eta orain, Kataluniako Auzitegi Gorenak lehen Bartzelonako epaitegiak harturiko erabakia atzera bota du. —Ze ordea! Komuna eta excusado ez al dira gauza bera?—. Atzerapausoa izugarria da. Erasoa jasan duen emakumeak birritan pentsatu beharko du salaketa jarri aurretik, gezurti eta diruxerkatzailetzat har dezakeen epaileren bat beti izango baita.

Futbolarien eztula ere albiste, bere garaian jakin genuen Dani Alvesi ebakuntza bat egin ziotela. Ispiluan ikusten zuena ez zitzaion nonbait gustuko. Belarri-xabala zen oso. Eta belarriak txikitu, eta kaskezurrera hurbiltzea lortu zuen ebakuntzaren bidez. Juxtu kontrako ebakuntza aholkatuko nioke erabakia hartu duen epaileari: belarriak handitu, eta batik bat, bere kaskezurretik urrun ditzala.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.