Gaztelerazko kate batean ikusi nuen Tourreko erlojupekoa. Bi faborito nagusiak irten eta lehen hamar minutuan —denbora erreferentziarik ez zutenean, eta euren kabuz lortzeko gai ez zirela— Pogacar sumatzen zuten hobeto. Estilo hobea; kadentzia egokia. Vingegaard ezinean ikusten zuten. Trakets txirringa gainean, posturarik hartu ezinik; gehitxo arriskatuz ezinaren ondorioz. Hamargarren minutuan edo, erlojuak epaia eman zuen arte. Aurrerantzean, erabat aldatu zen kazetari eta profesional ohien ikuspegia. Pogacar ezinean sumatzen zuten. Begi-zulo handiegiak. Eta gurpil zabalegiak. Arrastaka zihoan. Vingegaard aldiz, bete-betean ari zen. Aurpegieran islatzen zitzaion gosea. Bihurguneetan, irabaztera doanaren arriskuak hartzen ari zen. Tropel zaleak gara. Eta maiatzeko katuarena egiten dugu: eguzkia non, hara.
Zergatik ez nuen gure telebista publikoan, euskaraz, ikusi? Saiatu nintzen. Belarriak ditut, ordea, finegiak.
Iluntzean, ETBn berrikusi nuen etaparen azken ordu-erdia. Ohartu nintzen euskararen tropeletik atzera geratzen zen huraxe izan zela analisten tropeletik oso aurreratua zebilen bakarra. Lehen kilometrorako lortu zuen Vingegaard hobeto zihoala jakin, eta adieraztea. Ikasi nuen belarri finegiekin ez noala inora...
HITZ ETZANAK
Belarriak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu