Goranahia, gehiagonahia, nahi itsua... Anbizioa. Erroma klasikoan, kalera jotzen zuten politikariek, batetik ez bazen bestetik, modu batera ez bazen bestera, herritarren babesa eta onespena lortzera. Erroan, inguratzearekin —ez hurbiltze soilarekin— du zerikusia anbizioak, alde batetik baino gehiagotatik ahalegintzearekin. Anbiziotsua pelma ere izaten da...
Europako behitegirik handiena Caparroson (Nafarroa) dagoela jakin dugu. Irregulartasunak atzeman dizkiote behi kopuruari dagokionez. 7.620 animalia izateko baimena omen du eta 7.900 dituzte. Sustrai Erakuntza fundazioak salatu du Valle de Odieta kooperatibak legez kanpo handitu dituela bere instalazioak. Modu guztiak probatzen ditu anbiziotsuak. Instalazioak handitzeko erabakia hartu-baimena eskatu-baimena lortu-obrak egin-abere kopurua handitu lan lerroak funtzionatzen ez badio, erabakia hartu-obrak egin-abere kopurua handitu-baimena eskatu bidea jorratuko du.
Behin, Ameriketako lagun bat, abokatu entzutetsua, semearentzat eraiki zuen behitegia erakusten ari zitzaion Xapreri. Hiru mila behi! Xaprek irribarrez eta begiak ñañartuta bota zion: «Ez haiz hi nik uste bezain azkarra. Hiru mila behi? Guk hiru izan dizkiagu eta asmatu diagu hirurekin bizimodua ateratzen!».
HITZ ETZANAK
Behitegia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu