Iñigo Astiz idazle iruindarra: «Aurrez ezarritako ideia bat exekutatzera joateak beti aspertu izan nau». Eman dit zer pentsatua. Gure kasua erabat bestelakoa baita. Oholtzan, bertsoero, bukaera bat pentsatu eta hura ahalik eta egokien exekutatzean datza gure lanaren zatirik funtsezkoena...
Astizek dio: «Bat-batean pertsonaia batek egiten du zerbait, egingo zuela ez zenekiena, baina bazenekien, ze zu zara pertsonaia hori sortu duena. Baina ez zenekien bazenekienik. Idaztearen magia guztia hor dago». Ideia horretatik abiatuta, pertsonon lau egoera bereiz daitezkeela otu zait. 1.- Bazenekien bazenekiela. Erne, ordea! Esaterako, zatiketak umetan ikastolan ikasi bezala egiten badakigula iruditzen zaigu... ez dakigula konturatzen garen arte. 2.- Bazenekien ez zenekiela. Autoaren gurpila aldatzen hasi naizen bakoitzean gertatu izan zait, adibidez. 3.- Ez zenekien ez zenekiela. Ustez bazenekien baina norbaitek zuzendu behar izan du zure hanka-sartzea. 4.- Ez zenekien bazenekienik. Gutxitan gertatuko zaizu, baina gertatzen da.
Adiskide maltzur batek dio inkesten ohiko eskema aldatu egin behar litzatekeela bertsolariontzat. «Bai», «Ez», «Ez daki/ez du erantzun» klasikoaren ordez, «Bai», «Ez», «Ez daki baina erantzun du» behar lukeela guretzat.