andoni egana

Barregarriak

2024ko abenduaren 19a
05:00
Entzun

Hienak aipatu izan dituzte maiz. Piztia horiek, dirudienez, badute ezaugarri bat humanoongana hurbiltzen dituena. Irribarrea, barrea, edo dena delakoa. Aurpegieragatik izango da. Edo ateratzen duten hotsen batengatik. Auskalo. Hienak salbuespen dira, ordea. Barre egiteko gaitasuna gizakiona da orobat. Eta barregarri izatekoa ere bai. 

Zoazte zoo batera. Non ematen du jendeak denborarik gehien? Tximinoen kaiolaren aurrean. Zur eta lur egoten da asko —ume, gazte zein heldu— tximinokeriei begira. Grazia egiten digute haien imintzio eta jarrerek. Geure burua islatuta ikusten dugulako, eta errazagoa delako ispilukoari barre egitea geure buruei zuzenean egitea baino. 

Askotan egoten naiz pentsatzen barre egiteko dugun gaitasuna erraz gainditzen duela barregarri izateko dugun dohainak. Beste planeta batetik letorkeen edonork barregarri iritziko lioke, esaterako, makrokontzertuetara joateko itsatsi zaigun grina horri. Han egon nahi dugu eta han egon garela adierazi. Are barregarriagoa litzaioke urtebete lehenagotik sarreren salmenta abian jartzean, jendeak botoi bati kalkatzeko duen presa eta amorrazioa. Eta oraindik barregarriago, jakitea sarrera lortu dutenen ehuneko hamarretik hamabostera lortzearekin askiesten dela, eta handik urtebetera ez dela kontzertura joan ere egiten. Zertarako? Gu baino barregarriagorik...

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.