andoni egana

Barkatu

2025eko apirilaren 13a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Amaren etxean arratsaldea aitaren batean joan zaigula aitortuko dugu; «Jasaus!» egiten du oihu Xabier Euzkitzek pilotaka bat nabarmena denean, bost egun barru gurutziltzatu behar dutenaren izena beti bihurritu izan dugun eran bihurrituz; «Jesus, Maria eta Jose!» hasperena entzun daiteke oraindik adineko harrituen ahotan; Doministiku egiten dugu katarroaren atari edo eguzkiak begietara jotzen digunean; Pilatosena egitea deitzen diogu arazo baten aurrean eskuak garbitzeari; Golgota deituko diogu bizitzak aurrean jartzen digun malkarrari; biribilguneak ugaldu zirenetik bidegurutzeak urritu egin dira, baina oraindik badira…

Aste Santura sartzera goazen honetan, gure hiztegia kristautasunak zenbateraino zipriztintzen duen kontura gaitezke. Hitz, esamolde eta kontzeptu asko galduz doaz. Baina bada bat inoiz gaurkotasunik galtzen ez duena: barkamenarena.

«Barkatu» entzuten da oraindik sarri, zerbait oker egin duenaren ahotan; «barkatu» entzuten da, esaterako, «pasatzen utziko?»-ren ordez jende multzo batean; «barkatu?» galdera oso modan dago kirtenkeria bat entzun eta adostasunik eza azaldu nahi duenarengan… Eta orain jakin dugu joan den ostegunean Athleticek penalti bat barkatu zuela Glasgown. Barkatu? Penalti bat barkatzea, errukitu eta ez jotzea litzateke. Jo eta ez sartzeari huts egitea deitzen zaio…

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.