andoni egana

Bakardadea

2024ko abenduaren 12a
05:00
Entzun

Ez nau inoiz bakardadeak beldurtu izan. Baina badira egun eta une batzuk gogoan iltzaturik geratzen zaizkizunak. Ondo-ondo egotetik bakar-bakarrik egotera zaramatza egoerak. Halatsu sentituko da Eguberrietan familia osoa jiran ibili, eta urtarrilean bakar-bakarrik geratzen den amona edo aitona.

Ondo-ondo egotetik bakar-bakarrik egoterako jauzi horrek zekarren beldurra bertso txapelketen finalen atariko prentsaurrekoen ostean sentitzen nuen nik. Prentsaurrekoa taldean. Jiji-jaja. Argazkiak. Barre algarak. Otordua. Trago eta mokadu artean, txisteak eta pasadizoak… Taldean. Eta bat-batean taldea desegin egiten da. Etxeratzeko ordua. Bakoitza berera. Bakarra sentitzen zinen taldean, pribilegiatu hutsa ordu gutxi barru hainbeste jenderen aurrean aritu ahal izateagatik. Paradoxak zer diren, bakarrik geratzean utzi diozu bakarra zarela sentitzeari. Zer esan behar diet nik hainbeste mila laguni, hain tipo arrunta izanda? Mamurik mamuenak mamitzen ari zaizkizu. Halako batean, ez dakizu noiz, ez dakizu zergatik, krak! bat egin, eta baietz, zerbait egingo duzula sinesten duzu.

Herenegun eskaini zuten prentsaurrekoa Gipuzkoako bertsolari txapelketako zortzi finalistek. Txarrenetik pasatu direla esango nuke. Sentitu dira taldean. Sentitu dira bakarrik. Egin dute krakatekoa. Hasiak daude berriz ere nor direla sinesten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.