Oso maiztua dago baikorra gaizki informaturiko ezkorra baino ez dela dioen esaldi hura. Pindartsua da. Injenioa dario. Baina injenioari injenioarekin erantzuten ez da zaila, eta Mario Benedettik, bere haikuen txokoan, itzuli bat eman zion esaldiari. Idazle uruguaitarrak esan zuen ezkorra ez dela ongi informaturiko baikor bat baino. Hitz jokoak hitz joko, baikorra da zerbaiten edo norbaiten alderdi onak ikusteko joera duena, dena hainbestean doala eta hobeto joango dela sinesten duena. Ezkorra, kontrakoa.
Badut susmoa, intelektualki errazago egiten duela bidea ezkortasunak baikortasunak baino. Sarriago sumatuko duzue pentsalari bat «amildegirantz goaz» esaten, «dena ongi doa» aitortzen baino. Tartean badute lekua ehunka ñabardurak…
Joseba Zulaika antropologo itziartarrak Aberriaren inpasea saiakera liburua argitaratu berri du. Ziur nago ximurrik ximurrenetan ere bila ibili dela. Berrogei urtez kanpoan ibili den euskaldun baten ikuspegitik hasi zitzaion bere buruari galdezka, aurkezpenean adierazi zuenez. Euskal Herria inpasean sumatzen du. Duela hamarkada batzuk baino egoera konplexuagoan. Baina euskararen, gizartearen eta politikaren inguruan duen ikuspegia, oro har, baikorra omen da. Zinez pozten naiz. Ondo informaturiko baikor bat! Bagenuen premia. Ezkortasuna bere baitan agortzen da. Hain da antzua…