Laurogei urteko amona bat, bilobari kontatuz «en plan kafea hartu eta kontu batzuk esatera» irten zela lagunekin; sei urteko ume bat «ez zait zilegi iruditzen» esanaz gurasoei; unibertsitate irakasle bat, hondartzako txiringito batean, azpeitiar nerabe baten ahoskera ezaxolaz «gogagolie ta batatazorru» eskatuz; patinetean doan gaztea, oinezkoari sustoa eman diola eta «otoi, barka!» dioena; tokiko aldizkari batean, Erregional mailako futbol-partida kontatzean «Ikerren areaz kanpoko jaurtiketa bortitza ozta-ozta irten zen langa igurtziz» idazten duen kazetaria; apaiz bat, berotu, eta sermoian «como hay Dios hori horrela dela!» bota duena; gaztetxean lagunekin haserretu, eta alde egitean «zoazte antzarak ferratzera!» mehatxu egin duena…
Hizkuntzek askotarako ematen dute. Etengabe berritzen dira, hiztunak malguak garelako. Hala behar du. Baina nork-non-nola esaten duen beti da belarri erneentzat ikasgai. Eta batzuetan kirrinka eragiten duten esamoldeekin egiten dute topo.
Euskorpus ekimenaren aurkezpenean mintzatu zen Imanol Pradales lehendakaria. Adimen artifizialaren eta euskararen harremanaz hala esan zuen: «Euskarak tren horretan presente egon behar du, bai ala bai, eta gure gaitasun guztiak lerrokatuko ditugu». Ados. Baina lehendakaria bai ala bai-ka? Handitan ETBko programaren batean aurkezle izatea al du amets?