Bi umore modu bizi izaten genituen minutu gutxiren buruan. Bata geurea, bertsolariona. Horma-bikoen umorea. Tiki-taka ahalik eta biziena. Eta, segidan, saioa bukatu orduko, bestelako umore klase bat, absurdoagoa nahi baduzue, zeharkakoagoa. Baina beti han, ordurako udalik ez zuen leku hartako Udaletxeko plazan. Absurdoa hori ere, absurdorik bada. Baina hala izaten zen. Urtero.
Egun luze bateko lanak amaituta, estimatu egiten genuen Joan Mariren bisita. Bertakoa izateak eman ziezaiokeen harrotasunik gabe hurbilduko zitzaigun, umil. Aspaldiko garai haietan jario handiz, totelka gero, esangaitz azkenera, baina beti izango zituen hitz goxoak gure lanarekiko. Eta zinez estimatzen genizkion bertsolariok, izan baitzen garai bat bertsolari eta idazleen arteko harremana orain baino zurrunagoa izan zena. Sortzailetik sortzailerako begirunea erakutsi zigun beti Joan Marik, eta, nik behintzat, ez daukat ahanzteko bere hurbiltasun natural hura.
Igandean egokitu duk aurten Santa Ixabel eguna. Han izango gaituk Altzan. Iluntze aldera, lanak amaitzearekin, elkarrengana hurbilduko garela irudituko zaidak. Irribarre bihurria egingo diguk. «Gaurkoa huen egun egokia eta ez duzue consummatum est aipatu. Errima zaila izango dik, ezta?».
HITZ ETZANAK
Badu bihotzik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu