andoni egana

Azukrea

2025eko urtarrilaren 7a
05:00
Entzun

Hasieran azukrea azukrea baino ez zen. Helduek koilara txikiarekin kafeari botatzen zioten hauts moduko hura. Gerora, azukrea zerbait gehiago ere izan zitekeela ikasi genuen. Esaterako, belazeei ere itsatsi genien Inazio Mujika Iraolaren liburu bikain haren laguntzaz. Eta metaforikoki erabiltzen ikasi genuen gerora, kantu bat, film bat, bertso bat onberakeriaz edo erromantizismo ñañoz josia sumatzean. «Azukre gehitxo...», esaten genion horri...

Azukreak, azken boladan, zenbateraino sasimediku bihurtu garen neurtzeko balio du. Ez zenuten lehengo amonarik entzungo «ume honek azukre gehiegi hartu du» esanez; ez zenuten lehengo aitonarik «azukre gehiegi janda nago lehen ere» esanez entzungo. Umea bere onetik kanpo zebilela esango zuen amonak eta bete-bete eginda zegoela aitonak. Orain, ordea, denek dute azukrea ahotan. Eta dena da azukrearen errua. Umeari lo hartzen kosta egiten bazaio, azukrea. Umeak anaiarekin borrokaldi bat izaten badu, azukrea. Azukrea, pozaren pozez heldu bat kantuan hasten bada...

Jatetik elikatzera pasa izanaren ajeak dira. Esan daiteke guztiok eta asko dakigula elikaduraz. Eta ez nago gauzak zehazki izendatzearen aurka. Ez pentsa inork azukrearen aipamen gehiegizko honek ozpindu egiten nauenik. Ez dit belarrietan minik ematen. Baina bai azkurea... Jai hauetako azukrea izango da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.