Gehienean umeei erdaraz egiten dieten gurasoen ahotan ere entzun daitekeen hitza da. Ez dakit ohituraren ohituraz egiten duten, edo hizkuntza aldaketak dakarren enfasiaz baliatze aldera egina izaten den. Nolanahi ere, haurra zerbaitetan tematua dagoenean, eta gurasoak aski dela uste badu —izan bideo bat ikustea, txokolatezko arrautzak jatea, putzu-zulo batean jauziak egitea…—, «azkena, e!» esango dio gurasoak umeari. «Azkena!» entzutean haurrak baietz erantzungo du. Ikasi du hainbeste dagoeneko. Badaki «azkena» onartzen badu lortuko duela nahi duena. Beste bat gutxienik. Eta gero… gerokoa. Temari eutsiko dio eta beste azken bat eta beste bat lortu arteko onik ez du izango.
Haurrak ez du adostasunez hitzartua bete beharraz ulertzen. Edo ez du ulertu nahi. Ohitu egingo da azkenengo adostuaren ondoren beste azkenengo batzuk lortzera…
Israelgo Estatuak ekarri dit gogora haur setatiaren kontua. Hauek ez dira haurrak. Baina berdintsu jokatzen dute. Osteguneko poza ostiralez kezka eta amorru bihurtu digute. Hainbesteko sarraski gosea gauetik goizera ez zitekeen ase. «Azkena!» entzun, adostu edo, eta halere 87 lagun hil dituzte Gazan egun bakar batean. Segi eta segi egin nahiko dute. Eta hauek ez dute kokoteko bat edo zigor eraginkor bat jarriko dien gurasorik. Edo izan badute. Beste alde batera ari dira propio begira…