andoni egana

Azken mahaia

2023ko abenduaren 28a
05:00
Entzun

Maratoi bateko anoa-mahaia. Ez edozein mahai. Demagun, azkenengoa dela, hogeita hamazazpigarren kilometrokoa. Iritsi da korrikalaria jota. Orduantxe behar du ur pittinen bat, laranja aleren bat edo gozokiren bat. Eta falta zaizkio. Bere aurretik doazenak zerbait hartzen sumatzen ditu harrapazka. Bakoitzak bereari baino begiratzen ez dion lasterketa sasoia da. Eta berari ez zaio deus geratuko...

Xelebrea da hirurogeitik hirurogeita bost-seirako adin tarte hau. Hala bihurtu dute. Edozein familiatan edo lagun kuadrillatan sor daiteke gaia. Batak erretiroa hartu ahal izan du hirurogei urterekin, halako tokitan hasi zelako lanean duela berrogei, eta beste batek ezin izango du, lanean lagunak adina urte emanagatik beste sare batean ekin ziolako. MUFACE da adin-tarte horretakoen hitzik maxiatuenetakoa. Noiz eta indarrak akitzera doazenean, ilusioa lehengoa ez denean, minzorria min den adinean... orduantxe gertatzen da «hi bai eta ni ez? Zergatik?» delako galdera barne-nahaslea. Eta berekoi bihurtzen da pertsona, iragan urrunak orainean hainbesteko eragina nola duen ulertu ezinik.

Anoa-mahaiak anoa-mahai, iritsiko dira helmugara. Berekoikeriak uxatuta, orduan, geratzean, mugimenduan hasteko adorea bilduko dute. Pentsionistenean, adibidez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.