andoni egana
HITZ ETZANAK

Azentua

2020ko azaroaren 20a
00:00
Entzun
Nire inguruko pertsona batek bazkaria esaten zuenero maskarila ulertzen nion nik. Hasieran pentsatu nuen musukoarekiko dugun menpekotasunak zeramatzala nire belarriak ulermen okerrera. Baina hori baino gehiago zen eta kosta egin zitzaidan zer zen jabetzea. Pertsona horrek, bazkaria-ren bigarren a horretan jartzen zion azentua hitzari, eta aldiz, ari zen inguruan, bazkaria-ren lehen a da azpimarratzen duguna. Horri zor zitzaion gaizki-ulertua. Alegia, bázkaria eta maskarila ez ditu inork nahasiko; aldiz, bazkária eta maskarila oso hoskide dira.

Txikikeria handiz beteriko eremu zabalak dira hizkuntzak.

Euskaraldian bizi gara. Ahobizi garenon lanik handien eta zailena begizoli eta belarriprest ere izatean datza. Ahobizi denak entrenatu egin behar du aurrez aurre duen belarriprestaren ulermen mailara egokitzeko, eta horretarako bere hizkuntza doitu beste irtenbiderik ez zaio geratuko. Ze hitz eta esamolde erabili eta zein ez; bat ulertzen ez denean ordaina aurkitzeko gai izan; norbere hizkerako txikikeriak identifikatu eta zabalagotzen saiatu…

Ahobiziak kontzientzia hori ez badu, pazientzia baino ez zaio geratuko bidelagun, eta pazientzia ez da beti norberarekin helmugaraino iristen den adiskidea izaten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.