andoni egana

Autozerbitzua

2024ko irailaren 12a
05:00
Entzun

Adarra jotzen trebatua zegoen ezagun batek hala egiten zuen hasiera hartan. Berak bete depositua, joan ordaintzera gasolindegiko mostradorera, eta deskontua eskatu. Deskonturik ez zegokiola erantzuten ziotenean, haserre plantak egiten zituen. «Nola ezetz? Orain arte zuek egiten zenuten lana neuk egin behar izan dut eta! Nik tira diot mangerari! Neu narrastu naiz gasoil kiratsez!». Ezezkoa berrestearekin ateratzen zuen bere alderdirik sakonena. «Zuen nagusiak lanpostu bat aurreztu du gure kontura! Esaiozu nagusiari, hainbesteko azalarekin tontoenak ere lor ditzakeela etekinak!». Depositua beteta eta barruak hustuta, lasaiago irteten zen gasolindegitik, nahiz berdin-berdin ordaindu. 

Makurrena da ahaztu egin garela «hasiera hartan» hura noiz izan zen ere. Zenbat urte dira autoari erregaia geu botatzen hasi ginela, hamabost, hogei, hogeita bost? Astoa makilari baino errazago egokitzen gatzaizkio gu bidegabekeriari...

Txofer-lana egin dit aste honetan «hasiera hartan» ohitura hori zuen lagunak. Gogora ekarri diot eta berriz egin dezan xaxatu dut. Geratu gara gasolindegi batean. Bota du berak erregaia. Sartu da ordaintzera. Eta ozpinduta itzuli da. «Badakik zer esan didan mostradoreko gaztetxoak? Betidanik izan dela horrela. Betidanik egin duela hori bezeroak! Betidanik! Munduak ez dik konponbiderik!». Ni isil-isilik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.