Hogeitaka urte nituela amorrua ematen zidan. Hiriko inguru bertsuan bizi ginen eta leku berean egiten lan. Goiz askotan ikusten nuen lanera bidean. Baina bera oinez, eta ni autoan. Kontzientzia zama sentitzen nuen. Nik gastu handiagoa gasolinatan berak oinetakotan baino; nik kalte handiagoa ingurugiroari: eta denboraz, hortxe hortxe, kaleetako semaforoek gerarazten baitzuten nire abiada. Gainera, bera alkatea zen, eta ni udaleko langile soila...
Hirietan ez ezik herri handi samarretan ere gerta daitekeen zerbait dela jabetu nintzen gerora. Zinegotzia txirringaz eta ni autoan. Amorrazioa berriz ere. Eta kontzientzia zuritzeko beti amarru bera neure buruari: «Jakina! Horiek herrian bakarrik ibiltzen dituk, bileratik bilerara eta prentsaurrekotik prentsaurrekora. Eta hik, gaur hona eta bihar hara, autoa hartu beste irtenbiderik ez daukak. Gainera, horiek ere, gora egin ahala, kanpora mugitu behar izaten ditek, eta orduan ez dituk huskeriatan ibiltzen txoferdun autoa, trena edo hegazkina hartzeko garaian».
Joan den astean Odon Elorza ikusi dugu argazkietan, txirringan. Bere alderdian Donostiako alkate izateko hautagaitzarako hauteskundeak galdu ondoren, politikan segitzera, igual aurkituko da berriz ere autoa, trena edo hegazkina hartu beharrean.
HITZ ETZANAK
Autoz
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu