andoni egana

Autoan

2024ko irailaren 29a
05:00
Entzun

Norbere bizitza neurtzeko modu asko dago. Ohikoena urtetan neurtzea da. Baina bestelako neurgailurik erabiltzen duenik ere bada. Ezagutu nuen adineko gizonezko bat, bizitza aroak modu berezian neurtzen zituena. «Badakik noiz jabetu nintzen ni, nireak egin zuela? Neure kabuz Urbiara atzera-aurrera gehiago ezin izango nuela egin konturatu nintzen egunean». Arantzazutik oinez abiatu eta Elorrolako gaina harrapatzeko adina kemen izan ez zuen egun hartan tristatu zitzaion begirada betirako.

Atzo, berripaper honetan, Urbiako ermitaren 100. urteurrena dela eta, Unai Etxenausiaren erreportajea zetorren. Mila kontu jakingarri. Lizar-ilarak noiz landatu zituzten; zein izan zen egun hartako menua; ze agintari eta elizgizon joan ziren… Eta datu bat, alarma piztu zidana. Duela ehun urte, egun hartan, bi auto abiatu ziren Urbiarantz. Bata Arantzazutik eta Araba aldetik bestea, bietan goi-zelaietara zein igoko. Itxuraz lanik zailena zeukanak lortu omen zuen. Arantzazutik abiatu zenak. Hura izan omen zen Urbiara igo zen lehen autoa…

Zein zen saiakeraren sakoneko arrazoia? Mozkorraldi batean egindako apustu soila? Modernitatera helduak zeudela erakutsi nahia? Auto-etxeen interesa? Egungo begiradatik ez zait buruan sartzen han auto bat kokatu nahia. Erakargarriagoa zait mundualdia Urbiara igotzeko gaitasunean neurtzen zuen agurea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.